viernes, 27 de octubre de 2017

Kalea berreskuratzeko ordua da, AHTa gelditu eta eztabaida sozial parte hartzailea abiatu


"Iniciativa por el Tren - AHT ez" ekimenaren aurkezpen ofiziala egin dugu jada! AHTren aurkako arrazoiak soberan ditugu (blogean ikus dezakezun moduan) eta Nafarroak behar duen tren ereduari buruzko eztabaida sozial eta parte hartzailea abiatzea premiazkoa ikusten dugu. Hori dela eta, biztanlego guztia gonbidatzen dugu hurrengo larunbatean, azaroaren 11n, 17:00etan Gazteluko Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera.

Aurkezpeneko testua:

Nafarroako Gobernuaren eta Sustapen Ministeritzaren arteko hilabeteetako negoziazioen ondoren, azken honek erabaki du obrak berak bakarrik egitea. Izan ere Ministeritzak Villafranca eta Erriberriren arteko lurren eta ondasunen desjabetzak egiteko tramiteak hasi ditu.

Inposaketa/zentzugabekeria honen aurrean, hainbat gizarte taldek, sindikatuk eta alderdi politikok ahaleginak batzea erabaki dugu prozesu hau geldiarazten saiatzeko eta benetako eztabaida sozial eta parte hartzailea zabaltzeko. Horretarako, gaur aurkezten ari garen “AHTrik Ez, Trenaren aldeko ekimena” sortu dugu.

Egitasmo hau arbuiatzeko arrazoiak askotan adierazi ditugu: Lurrean duen eragin ikaragarria hektarea asko hartu eta bertan hesia sortzen duelako. Bere balio ekonomiko itzela eta horri gehitu beharko zaizkion etengabeko diru-laguntza publikoak, korridore honek ez baitu bidaiari kopuru nahikorik izango funtzionamenduen kostuak berdintzeko. Kostu horrek beste beharrak asetzeko bitartekoak kenduko ditu. Bere zalantzazko erabilgarritasuna merkantziak garraiatzeko garaian. Castejon, Tafalla edo Altsasu bezalako herriek izango duten okerrerako aldaketa, zeren eta distantzia luzeko trenen sarbidea galduko baitute.

Uste dugu tamaina honetako obra eraikitzeak benetako gizarte eztabaida behar duela eta momentuz ez du izan; era berean uste dugu Nafarroako Gobernuak Madrileko inposaketaren aurrean defendatu behar duela Nafarroako biztanleek gai honen inguruan hartuko duten iritzia.

Are gehiago jakinda alternatiba askoz merkeagoak eta kalte gutxiago eragiten dutenak existitzen direla, eta ez direla aintzat hartuak izan. Gaur egungo trenbidea ez da aspalditik modernizatu. Hala ere egungo errealitatera egokitzea posiblea da honelako neurriak hartuz: Beharrezkoa den tokietan trenbidea bikoiztea, hirugarren haria ezartzea edota maiztasuna eta geldialdiak hobetzea.

Abiadura Handiko trena egitea ez da beharrezkoa gutxiengo batek Madrilerako edo Bartzelonarako bidaian minutu batzuk aurrera ditzan; are gutxiago jakinda lotura horiek jada existitzen direla. Aldiz Nafarroako eskualdeak modu eraginkor eta merkean lotuko dituen trena lehentasunezko gaia dela sinestuta gaude. Izan dadila auto pribatuaren erabilera gutxinaka desagertzera eramango duen zerbitzu publiko eta soziala, betiere aldaketa klimatikoa eta petroleoaren agortzea testuingurua izanik.

Sustapen Ministeritzak Nafarroan zati berriak eraikitzeko prozesuari jada ekin dio, beren biztanleen beharrak eta iritziak kontuan hartu gabe. Imposatutako proiektu hau, eztabaidarik izan ez duena, alderdien interes politikoen onurarako erabiltzen ari dira.

Hemen azaldutako guztiagatik AHTrik Ez -Trenaren aldeko ekimenetik Nafarroako biztanleak gonbidatzen ditugu hurrengo larunbatean, azaroak 11, arratsaldeko 5etan Gazteluko Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera.

Eztabaida sozial eta parte hartzailearen alde, tren publiko eta sozialaren alde, AHTa gelditu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario