domingo, 22 de octubre de 2017

[IRITZIA] "AHT modu paregabea da diru publikoa esku pribatuetara abiada handian pasatzeko"


Alfontso Gartziandia naiz, 45 urte ditut eta Aratzurin bizi naiz. Urteak daramatzat AHT Abiadura Handiko Trenaren kontra borrokatzen. Proiektu hori zentzu askotan da kaltegarria eta, nire ustez, ez dago nondik eutsi. AHTren kontrako mugimendua hoztu egin da Nafarroan, eta berpizteko asmoz, berriki Tren Sozialaren aldeko eta AHTren kontrako Iruñerriko plataforma sortu dugu Oltza Zendea, Itza, Egillor eta Orkoiengo hainbat bizilagunek. [Iturria: Argia.eus]


Gure eskualdeak zeharo arbuiatzen du AHTren edo, egun ezaguna den bezala, PHT Prestazio Handiko Trenaren proiektua, eta gure plataformak kontrakotasun hori bistaratu nahi du. Aipatu egitasmoa diru xahutze hutsa da. Eraikuntza lanetan inbertitutako dirua ez dago amortizatzerik, eta errentagarritasun sozialik ere ez du. Halako zerbitzuak ahalmen ekonomiko handiko pertsonek erabiltzen dituzte, eta hauei diru-laguntzak ematen ari gatzaizkie, txartelak merkatuz, dirua halako azpiegituretara bideratuz… Ordea, geroz eta garestiagoa da hurbileko tren-zerbitzua. Eta hori da jende gehienak erabiltzen duena.

Gainera, gure kasuan, AHTk bitan zatituko luke eskualdea. Eta ez errepide batek banatuko lukeen moduan. Trenbide berria halako errezel fisiko bat litzateke, gurutza ezinezko hesi moduko bat. Erakundeen babesa izan nahiko genuke, baina, tamalez, Nafarroako Gobernuak bultzatu egin nahi du AHT. Diskrezioz bada ere, gobernura iritsi zenetik aritu da horretan Geroa Bai. Nafarroan ez da inongo alternatibarik baloratu. Era berean, gobernuak ez du kontuan hartu herritarron hitza.

Lehenengo, egitasmoa zehaztu eta diru kontuak itxi dira, eta gero eman zaizkio azalpenak gizarteari.
Guretzako, ordea, badago alternatibarik Nafarroako korridorearentzat. Ni Sustrai Erakuntzako kide ere banaiz, eta bertan TPS Tren Publiko eta Sozialaren egitasmoa garatu dugu. 1987ko Tren Garraio Planean oinarritzen da. Honen arabera, Castejon eta Altsasu arteko zatia berritu eta indartu beharra dago, trenbidea bikoiztuz. Plan hau ez da inoiz burutu, ahaztu egin baitzen Madril-Sevilla AVEa egin zenean. Guk garbi dugu Nafarroako sarea jada zaharkiturik dagoela. Trenbidea bikoizteko aukera badago, eta, gure ustez, hor dago irtenbidea. Gainera, bide bakoitzari zabalera iberiarra eta nazioartekoa ezartzea proposatzen dugu.

TPSk nahi adina jende eta merkantzia garraiatzeko aukera emango luke. Pertsonentzako 160-180 kilometro orduko abiadura izango luke, eta merkantzietarako 90 kilometro ordukoa. Horretarako, jada eraikia dagoen azpiegitura bat erabiliko genuke. Hau da, milaka milioi euro aurreztuko lirateke. TPSk hurbileko garraioa ere zainduko luke. Funtzionatzeari utzi dioten hainbat geltoki berreskuratu nahi ditugu, tren bidezko garraioa bultzatu eta errepidekoari benetako konpetentzia egiteko.

Ingurumenari begira ere, egokiagoa da gure proposamena. AHTk ustez aurreztuko lukeen emisio kopuruak ez luke sekula berdinduko bere eraikuntzan igorritakoa. Aitzitik, gure plana askoz ere garbiagoa da. Oraingoz, harrera ona ari da izaten. Herritar askok zuen alternatiba baten beharra. Ordea, lan zaila izango da TPSren proposamena botere lekuetara eramatea. Ikuspegi politiko oso zehatza duten taldeak eta eraikuntzaren lobbyak dira AHTren bultzatzaileak. Eta, finean, horiek daude agintean. Proiektu horrek ez luke inongo azterketa kritikorik gaindituko. Baina AHT modu paregabea da diru publikoa esku pribatuetara abiada handian pasatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario